XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Datazio zehatzagoa egitea ahalbidetzen duten fosilak hauek dira: 9, 7 eta 4 unitateko amoniteak eta 5 unitateko errudistak eta orbitolinak, Mesozoikokoak diren Jurasiko eta Kretazeoko sistemetako bereizgarriak.

Beraz, serie estratigrafiko osoa Mesozoikoan eratu zen.

1. Galdera, b atala

Zehartebaki geologikotik ondorioztaturiko prozesu eta egitura geologikoak

Zehartebaki honetan errepresentaturiko historia geologikoa Triasikoan hasi zen, Mesozoiko Erako lehen Periodoa, serie estratigrafikoaren unitaterik zaharrenaren adinak (220 m.u.) adierazten duen gisara (ikus a atala).

3 unitatearen materialak energi baxuko ingurune kontinentalean metatu ziren (lutita gorriak), kostaldeko aintzira edo sakonera gutxiko ingurune itsastar mugatuetan eratu ziren igeltso eta beste zenbait ebaporiten tartekatuekin.

Jarraian, 2, 8, 9 eta 7 unitateak ingurune sedimentario itsastarretan metatu ziren hauen eboluzioa ondokoa izanik: itsasertza (2 unitateko estromatolitodun karearriak), plataforma (8 unitateko karearriak brakiopodo, molusku pelezipodo eta krinoideoekin), plataforma hemipelagikoa (9 unitateko karearriak eta marga gris amonitedunen txandaketa) eta azkenik, hidrokarburoen amarriak eratu zireneko korronterik gabeko eta urriki oxigenatutako itsas hondoa (materia organiko ugaria duten 7 unitateko lutita beltz amonitedunak).

Beraz, material hauen segida sekuentzi trangresiboa da eta Mesozoikoan (Jurasiko edo Kretazeo) zehar gertatutako transgresio itsastar baten erregistroa osatzen du, 9 eta 7 unitateko amoniteak lekuko direlarik.

7 unitateko materialen eraketaren ostean, arro sedimentarioak esfortzu tektoniko distentsiboak jasan zituen, faila normala eta beronen blokeen kulunkateta eraginez (esfortzu maximoa bertikala eta esfortzu minimoa edo distentsioa N-S norabidekoa).

Deformazio tektonikoaren eraginez, eskualdearen urgaineraketa eta higadura suertatu zen eta beraiekin batera izaera higakorreko erregresio itsastarra, ondoko datuek adierazten dutenez: 8, 9 eta 7 unitateen mozketak; 1 unitatetik bereizten duen azal irregularrak eta honen izaera kontinentalak.